Gure Historia

1Pamplona KE 1958ko urriaren 31an sortu zen. 1958an sortzaileak «Ruiz de Alda» taldea entrenatzen ari ziren, eta Aita Jesuiten eskaintza bat aztertzen ari ziren, haien ikasle futbolzaleei aukera bat ematearren. Azkenean erdiko bidea hartu zuten: «Ruiz de Alda»ko zein Jesuitetako jokalariak hartu zituzten eta atea ireki zieten hiriko zein hiritik kanpoko gainerako mutikoei. Hartara, egia bihurtu zuten beren talde propioa sortzeko eta gazte-futbolari bultzada eta kategoria emateko ametsa.

Klubarentzat izena hautatzeko, berriz, ez zuten zalantza handirik izan: «Pamplona». Eta kolore berdea ordurako hartuta zegoenez, zerrenda diagonal berdearen aldeko hautua egin zuten, gure hiriaren –Iruñea zaharraren– ikur gisa. Elastiko hori harrotasun eta nortasun zeinua da eta izan da kirolaren arloan, milaka iruindarrentzat eta hura soinean izan duten guzti-guztientzat.

1958. urtetik 1962.era bitartean, gazte-talde bakar bat izan genuen. Gero bigarren futbol-taldea etorri zen, «Larrabide» taldea; eta geroago, futbola, saskibaloia, eskubaloia eta atletismoa sustatu ziren. Emakumezkoen futbol-talde bat izatera iritsi ginen, bai eta igeriketa-talde bat ere. 1960ko hamarkadaren hondarra eta 70ekoaren hasiera bitartean, eta batik bat instalazio-faltagatik, sail guztiak desagertuz joan ziren, eta Kluba bere hastapenetara itzuli zen, futbolaren alde eginez.

1974. urteaz geroztik beisboleko sail bat ere badugu. CD Pamplona kirol-kluba biziberritzeko ahalegina oraindik ere txalogarriagoa izan da, baldin eta kontuan hartzen badugu nomada-ohiturak dituen kluba izan dela. Ruiz de Aldan (egungo Larrabiden) hasi zen jokatzen; gero Mola estadio zaharrean (Ziudadelako harresien ondoan) jarraitu zen, eta beste hainbat dira geure arrastoa jaso duten tokiak: Etxabakoitz, Jesuitak, Soto Lezkairu. Gaur egun, gure taldeak hainbat tokitan sakabanatuta entrenatzen eta jokatzen dira: Ukarren, Paternainen, Larrabiden, Amigó ikastetxean, San Agustin ikastetxean eta Aita Pauldarrenean, horrek suposatzen duen alokairu-ordainketarekin.

Bulegotarako lokalen arloak, aldiz, suerte pixka bat gehiago izan du: Niza tabernan hasi ginen paperak mugitzen, Aita Calatayud, San Frantzisko, Navas de Tolosa eta Zapatería kaleetan barrena, harik eta, aita Cirianoren bitartekari-lanari esker, Estafeta kalean ezarri ginen arte. Sail ezberdinak desagertzearekin batera, eta eskuartean genuen jokalari- eta talde-kopurua hain handia izaki, instalazio propiorik ez izateak dakartzan karga eta eragozpenekin, Klubak bere instalazioak kokatzeko lursail batzuk erosteko diru-ahalegina egin zuen. Laguntzen eta bazkideen ekarpenei esker, eta finantza-erakundeek emandako kredituen bitartez, CD Pamplona kirol-klubak 65.000 metro koadroko orubea erosi zuen. Ez ziren garai errazak izan: beste instalazioen alokairuak, bidaiak, kirol-materiala, kredituak itzultzea, epaileei ordaintzea, etab. Laburbilduz: diru-betebehar gogorrak izan ziren, ia-ia jasanezinak. Neke asko pairatu eta ahalegin handiak egin ondoren, dena ordainduta dago.

Manolo Fau eta Alfonso Artega izan ziren CD Pamplona-ren sortzaile sutsuak, urte askoan elkartearen babesle handiak izateaz gain. Orain, egungo zuzendariek, aurrekoek bezalaxe –jakina, garai berrietara egokituta–, hastapenetako filosofiari leial jarraitzen diote. Irabazi-asmorik gabeko Kluba izan gara beti, eta hala izaten jarraitzen dugu. Klub bat non guztiok modu altruistan laguntzen duten. Klub bat non jokalari guztiek kuota bat ordaintzen duten eskolaz kanpoko jarduera gisa, kirol-materialaren parte bat ordaintzeaz gain. Klub honen asmoa da familia handi bat izatea, eta bertan tokia izatea bai orain daudenek eta bai joandakoek ere. Gaztetxoak, kirol-hezkuntzarekin batera, erakundeari izaera berezia ematen dion tratu pertsonal bat jasotzen du. CD Pamplona-k trebetasun teknikoa irakasten die bere jokalariei; bestalde, eta futboleko maila apalenetan –oinarrizkotzat jotzen duguna–, taldeko partaide guztiei txandaka jokatzeko aukera ematen die, guztiek minutu-kopuru berdintsua joka dezaten.

Ezagunenez gain, milaka hiritar anonimo dira CD Pamplona-ren eskolatik igaro direnak, eta harrotasunez gordetzen dutenak argazkiren bat zeinetan soinean duten zerrenda berdeko elastikoa. Ohikoa da familia bereko hainbat belaunaldi pasatzen ikustea: zalantzarik gabe, erakundearen funtzionamenduarekin pozik direlako seinale da hori.

CD Pamplona kirol-klubak oztopo ugari bideratu behar izan ditu, sortu zenetik hona. Jokatzeko zelai propiorik gabe, egoitza-lokalik gabe, Kluba gai izan da handitzeko, bidean aurkitu dituen eragozpen guztiak gaindituta. 1974az geroztik 65.000 metro koadroren jabe bada ere –Iruñeko «Gariton»aren aldean–, sekula ez dugu laguntzarik jaso, ez Administrazioaren aldetik eta ez beste inoren aldetik ere, geure instalazioak eraikitzeko. Beti, eta edozein zentzutan, geure konpromisoak bete izan ditugu, eta betetzen jarraituko dugu. Batzuetan ezinbestekoa da erabakiak hartzea. Ez dadila inor etorri, berarenak ez diren kontuak eskatzen. Geure erantzukizuna izan da hori, eta hala izaten jarraitzen du. Erantzukizun horrekin, CD Pamplona kirol-klubak ez dio inori ezer zor, ez pezetatan, ez eurotan. Oinarrizko kirola egiten dugu, eta geure baliabideez kudeatzen dugu.

Erraza ematen du historia –iragan dena zein oraingoa– horrela, labur-labur, kontatzea; baina milaka partida izan dira eta, batez ere, ehunka lagun izan dira, sugarra bizirik mantendu eta mantentzen dutenak. Asko izan dira elkarrekin bizi izan ditugun ilusio-uneak, dena egin dugu asmo-ugaritasuna eta baliabide-urritasuna nagusi zirela. Beti izan gara elkar-ulertze handiko talde bat, lan-ordu ugari eta egitasmo-piloetan murgildua.

Zalantzak izan ditugu, eta zailtasunak; kezkak eta atsekabe bat edo beste ere. Hala ere, poztasunek eta gozamenek pisu handiagoa izan dute historiaren balantzan, ezbairik gabe. Eta lortutako adiskideak ezin dira ezerekin ordaindu. Instalazioak kenduta –eta, hala ere, ez dugu amore eman–, 1958an ezarritako helburu guztiak bete ditugu. Batez ere, helburu nagusia: gure gaztetxoak jokatuz haztea.

© 1958-2023 Club Deportivo PAMPLONA - Instalaciones BEITIKUNTZEA - Ctra. NA-7010 Km. 9.6 - 31171 Lizasoáin
Tel/Fax: 948 225 777 - Email: info@cdpamplona.com - cdpamplona@cdpamplona.com
www.cdpamplona.com

Resultados y clasificaciones

Cerrar

Please wait... loading